STAX erreportaia
STAXArima zuri-beltzaren etxea
Musika beltzaren garapena ulertzeko ezinbesteko diskoetxea da Stax. Beltz eta zurien arteko banaketa legez bultzatzen zen garaian, artista beltz eta zurien arteko elkarlana ahalbideratu zuen, eta elkarlana horrek, emaitza bezala, XX: mendeko musikarik zirraragarrienetakoa eman zuen.
AURREKARIAK
XIX. mendean hasieran, AEBetan, ofizialki esklabutza ezabatua bazegoen ere (1865. urtean debekatu zuten, guda zibilaren ostean), praktikan, zurien eta beltzen artean ez zegoen berdintasunik. Arraza diskriminazioa AEBetako leku askotan ematen zen, hego aldean bereziki, non estatu askotan “Jim Crow” delako legea indarrean zegoen. Lege honen arabera, beltzek eskola, jatetxe, taberna, komun, garraiobide, etab. berezituak zituzten eta ezin ziren zurientzako soilik ziren lekuetara sartu. Era berean, ezin zituzten zurientzako espresuki ziren zerbitzuak erabili (beltzentzako zirenak baino askoz hobeagoak ziren noski). Egoera honek tentsio handia sortzen zuen bi komunitateen artean eta iskanbilak ohikoak ziren. Beltzak “gutxiago” zirela kontsideratzen zuten zuri askok eta beltzen artean ere, uste hori zutenak ez ziren gutxi. Testuinguru honetan, musikak, beltz izatearen duintasuna aldarrikatzen lagundu zuen. Musika, askok pentsatzen dutenaren aurka, mezuak eta ideiak zabaltzeko tresna ezin hobea da eta bide batez, iraultzarako eta aldaketarako eragile indartsua izan daiteke. AEBetan, musika beltzak, buruko kate asko apurtzen lagundu zuen eta beltzen eskubideen aldarrikapenerako ezinbesteko tresna izan zen.
ARIMAREN GARAPENA
Esklabutzaren garaitik, bluesa eta gospela ziren AEBetako beltz afro-amerikarren musikak. Bluesa, lamentuzko musika, sufrimenduaren ahotsa zen eta gospelak berriz, fededunen itxaropena islatzen zuen. Beltzen musikak ziren, ez zurienak. Instrumentuen sarrerak garapena ahalbideratu zuen eta jazza eta rhythm & bluesa ekarriko zituen. 50. hamarkadan, Ray Charles eta Sam Cooke musikariek pauso berria emango zuten erritmo horien garapenean eta soul musikaren jaiotzan. Ray Charles Nat King Colen abesteko era kopiatzen zuen hasieran, horri esker bizi zen. Denborarekin, estilo propioa garatu behar zuela erabaki zuen eta garaiko jazza, bluesa, eta gospela elkartu eta goxatu zituen soinu berriaren bila. Era berean, Sam Cookek, gospel musikan eman zituen lehen pausoak. Denborarekin, Ray Charlesen bideari jarraituaz, doinuak goxatu eta beste estiloekin jokatuaz soularen oinarriak jarriko zituen. Sam Cookek, garaiko abeslari gehienak ez bezala, bere kantuak konposatzen zituen. Diskoetxeekin negoziatzeko garaian ez zen kikiltzen eta abestien gaineko eskubideak aldarrikatzen zituen eta ez zituen kontzerturik ematen diskriminazioa bultzatzen zuten aretoetan. Jarrera horrek arazo asko ekarri zizkion eta, era berean, beltz komunitatearen begirunea. Ray Charles eta San Cooke soul musikaren sorrera ulertzeko ezinbesteko abeslariak dira.
STAX
LEHEN URTEAK
60. hamarkadan, Stax zigilua Motownekin batera garaiko musika beltzaren gotorleku izan zen. Stax zigiluan, soul jaio berriaren izar handiak elkartu ziren, musikaren garapena ulertzeko ezinbesteko diskoak kaleratuaz. Stax zigiluaren urrezko aroa 60. hamarkada izan zen eta diskoetxeak kaleratzen zuen musika garaiko egoera islatzen zuen. Harrigarria badirudi ere, Stax zigilua zuri batek sortu zuen. Hemezortzi urte zituela joan zen Jim Stewart gaztea Menphis hirira. Kaukasiar familiakoa, gaztaroa Tenesseko baserri batean eman zuen. Menphisera joan eta banketxeko bulegoan lan egin zuen. Country musikaren zaletua zen eta Estelle ahizparen laguntzaz diskoetxea sortzea erabaki zuen. 1958. urtea zen. Estellek etxea hipotekatu behar izan zuen diskoetxea sortzeko behar adina diru lortzeko. Diskoetxeari Satellite izena jarri zioten eta hasieran country eta rockabilly kantuak grabatu zituzten. Rufus Thomasek kantu bat grabatzeko proposamena egin zien eta kantuak eduki zuen arrakasta ikusita erabaki zuten musika afro amerikarrean murgiltzea. Diskoetxe guztiek zuten estudioko taldea eta Satelliteren kasuan, Stellen semeak sortutako taldeak, Mar-Keys izena zuen. Musika beltzaz maitemindutako musikari zuriekin osatuta zegoen eta denborarekin Stax zigiluaren soinu berezia garatzen lagunduko zuten. Diskoetxearen izenari dagokionez, dirudienez, mendebaldean Satellite izeneko beste diskoetxea omen zegoen eta hori dela eta izenaz aldatzea erabaki zuten. Satellite izatetik Stax deitzera pasa ziren (Stewart eta Axton abizenez osatuta. Stelleren ezkondutako abizena Axton zen).
URREZKO AROA
Stax berriaren lehenengo arrakasta komertziala Carla Thomasen “Gee Whiz” izan zen. Hortik aurrera, gospel ukitua zuten abeslariekin grabatzen hasi ziren eta horien artean zegoen, diskoetxeko izar handienean bilakatuko zen Otis Redding. Otis Redding kasualitatez iritsi zen Staxera. Lagun gitar jole bat audizio batera eraman zuen eta kantu bat grabatzen amaitu zuen. Hortik aurrera, kantu arrakastatsu asko grabatu zituen Staxentzat. Otis izan zen entzulego zuriaren arreta erakarri zuen lehen soul abeslaria. Berarekin batera Sam and Save bikoteak ere kantu arrakastatsu asko grabatu zituzten. Konturatzerako Stax zigiluak soinu propioa zuen. Diskoetxeko estudio musikariek zer esan handia izan zuten soinu berriaren sorreran. Hasierako Mar-keys taldeko bi partaide, musikari afro amerikarrekin elkartu eta Booker T & the MG´s taldea osatu zuten. 1962. urtea zen eta Stax diskoetxeari sua zerion alde guztietatik. Baina zein izan zen arrakastaren gakoa? Zurien eta beltzen arteko elkarlana. Stax-en musikari zuri eta beltzek batera lan egiten zuten eta Stax izan zen, bere zuzendaritzan beltza bat izan zuen lehen enpresa garrantzitsua. 1967. urte arte, arrakasta lortzen zuten kantuak grabatu zituzten etengabe. Arrakasta honek, Staxeko abeslari asko Europara eraman zituen. 1967. urtean Carla Thomas, Otis Redding, Sam and Dave eta Eddie Floyd, Booket T & The MG´s taldearen laguntzaz, kontzertuak eman zituzten Eskozia, Gales eta Ingalaterran. Urte horretan, Monterreiko jaialdian eskainitako kontzertu arrakastatsuaren bueltan hil zen Otis Reddin hegazkin istripuan. Heriotz honek Stax zigiluaren gainbeheraren hasiera suposatu zuen. Urte guzti hauetan Stax zigiluak Atlantic banatzailearekin lanean aritu zen eta, 1967ko abenduan, Warner Brothers boteretsuak Atlantic erosi zuen (eta praktikan Staxen katalogo osoa ere).
AZKEN URTEAK
1968. urtea, urte iskanbilatsua izan zen AEBetan. Beltzen eskubideen aldarrikapena une gorena bizi zuen, Martin Luther king eraila izan zen eta kaleetan iskanbila handiak bizi ziren. Stax zigilua garai berrietara egokitzen jakin zuen. Staxeko abeslariak giza eskubideen aldeko jarrera erakusten zuten eta entzulego afro-ameikarraren artean harrera ona jasotzen zuten. Staple Singers taldeak oihartzun handia izan zuen Martin Luther Kingen mezuak zabaltzen zituzten abestiekin eta Johnny Taylor abeslariak ere arrakasta garrantzitsuak izan zituen. 70. hamarkadan, afro amerikarren tartetxoa lortu zuten zinema industri boteretsuan eta Isaac Hayes-i Shaft filmerako soinu banda osatzea eskatu zioten (Isaac Hayes urteak zeraman Stax zigiluan kantuak konposatzen). Arrakasta izugarria izan zen (filme batengatik Oscar saria irabazten zuen lehen afro-amerikarra izan zen). 1972. urtean, Stax zigiluak CBSrekin lortu zuen akordioa baina zigiluaren kalterako izan zen. 1976. urtean Stax zigiluak ateak itxi zituen. Stax eko grabazio estudiok elizari saldu zizkioten 1981. urtean dolar baten truke.
GAUR EGUN
Stax zigilua 30 urtez itxita egon eta gero ateak berriro zabalduko dituela dirudi. Stax zigiluaren izenaren gaineko eskubideak dituen Concord Music Group diskoetxeak, Stax izenarekin musika berria kaleratzeko asmoa omen du. Horretarako, Angie Stone edo Isaac Hayes bera berreskuratzeko asmoa omen du eta disko berriak kaleratzea eskatu die. Horretaz gain, Stax zigiluko grabazio zaharrak berreskuratzeko asmoa ere azaldu du edizio berrietan kaleratzeko. “Stax beti izan da eta beti izango da soularen etxea. Gutzi horren parte izan naiz”. Isaac Hayes.
EZINBESTEKO DISKOAK
Stax zigiluari buruzko informazioa osatzeko diskoen aipamena egin behar noski. Bereziki, zigilua apenas ezagutzen dutenei zuzendutako disko aukeraketa da ETA 2007. urtean Concord diskoetxeak kaleratutako bildumetan oinarrituta dago. Erreportajean aipatutako kantuak entzuteko aukera izateaz gain, artista horien kantu arrakastatsuenak ezagutzeko aukera ematen du. Ez geratu hemen eta bere garaian kaleratutako disko originalak dastatu itzazue. On egin.
CARLA THOMAS “Gee Whiz” (Atlantic, 1994)
Carla Thomasen kantu arrakastatsuenak jasotzen dituen bilduma (Gee Whiz kantua barne). Soul balada goxoak.
OTIS REDDING “Dictionary Of Soul” (Stax, 1966)
Otis Reddingen bilduma asko daude baina 1966 urtean kaleratutako disko hau ezinbestekoa iruditzen zaigu musika zaletu ororentzat.
SAN AND DAVE “Hold On, im Comin” (Stax, 1966)
Bikotearen kantu ezagunena jasotzen duen aparteko diskoa. Ahots joko ederrak, alaiak eta indartsuak..
EDDIE FLOYD “The Very Best” (Stax, 2007)
Knock on Wood eta bere kantu ezagunenak berriro masterizatuak biltzen.
BOOKER T AND THE MG´S “The Very Best” (Stax, 2007)
Soul musikaren estudioko banda koloretsua. Stax garaiko kantu ezagunenak 2007. urtean berriro masterizatuak.
WILLIAM BELL “The Very Best” (Stax, 2007)
Aurekoak bezain ezaguna izan ez bazen ere oso kantu ederrak grabatu zituen (Otisi eskainitako “Tribute To a king” adibidez.
ISAAC HAYES “The Very Best” (Stax, 2007)
Shaft kantuaz gain Staxekin grabatu zituen beste kantu batzuk jasotzen ditu. Shafteko soinu banda jasotzen duen diskoa ere oso gomendagarria da.
STAPLE SINGERS “The Very Best” (Stax, 2007)
Elizetako gospel ahotsak soulera eramanda. Mistizismoa eta mezu sozialak tartekatuta. Kantu masterizatu berriak.
JOHNNIE TAYLOR “The 20 greatest Hits” (Fantasy, 1977)
Stax zigiluaren azken txanpan arrakasta izan zuen. Bilduma honetan “Making Love” bere kanta arrakastatsuena aurki daiteke.
ASKOREN ARTEAN “Stax. 50th anniversary” (Stax, 2007)
Eta amaitzeko noski, zigiluaren ibilbideko arrakasta gehienak jasotzen dituen disko bikoitza. Staxen “berpizkundea” ospatzeko aproposa.
ARITZ SOUND SYSTEM









